0

Hikaz ere mintzo garelako!

Posted by on 2014-11-08 in Sailkatu gabea |

Gaurkoan,hitanoari buruzko elkarrizketatxo bat eskaintzen dizuegu. Eguneroko bizitzan hitanoa erabiltzea ohikoa duen gazte azpeitiar bat aukeratu dugu horretarako. Hona hemen, aipaturiko elkarrizketatxoa eta amaieran grabaketa bat ere baduzue eskuragarri entzun dezazuen:

Kaixo, arratsaldeon, hika-ri buruzko elkarrizketatxo bat egingo dizut.
Hasteko, noiztik hasi zinen zu hikaz hitz egiten edo hitanoa erabiltzen?
Ba ni hasi nitxiñan gutxi gorabehera ba etzekiñatpa, txiki-txikitatikan; komuniyua iñ aurrretikan, zortzi eo beatzi urteako nik ya ttipi-ttapa ite niñan, etxian ta ola hitzeite niñan ta.
Zergaitik? Gehienbat gurasoek edo hitz egiten zizuten horrela edo nolatan?
Bai, guk beti bazkaldu jende askok iñ izendiñau etxian. Amaman etxian bazkaltzeñau danok ta dozena bat izango gattun, dozena eo dozenaerdi tartian, ta alkarren artian ta nola hikaz ta hitzeite ziñabenan ba neuke nahi be ba hoixe jaso niñan.
Orduan, esan daiteke zure inguruan ohikoa zela?
Bai bai bai, nik ohikua niñan etxeko giruan bai. Geo etxetik kanpoa erten ezkeo ta, nik danai ala ite nitxonabenan baño nei batiz bat zuka ta hitzeite zitanabenan geyena.
Eta zergaitik uste duzu egiten duzula hikaz?
Nik hoixe jaso diñat. Ta gañea iruitze zatan oi jasotzetikan aurrea, ikearri politta dala ta ikearri gozua ite zian. Etzekiñat, zuka erabiltzia ondo zion bere lekuan baño hika baldinbakin zenbait lekutan ta gauza politta den erabiltzeko.
Orain, gaur egun, norekin erabiltzen duzu gehien edo nola, zein aspektutan?
Nik, erabili… lagun artian beti hika erabiltzeñat, baña bai gero kontun hartuber izateala ze adin-taldekin eo ze jendei ai aizen hizketan. Ta adibidez amonai ta gurasoi, nik zuka hitzeite zonabenat ta beayek nei hika erantzute zien. Ta izeban ta llengusun kasuen, nere ama baino gazteo dian danai hikaz ite zonabenat ta hortikan gora ba enaun atrebtitzen eo etzekiñat, betire erakutsi zien errespetua ber dala ta zaharrakin ezindala hikaz iñ o.. hoixe jaso diñat ta halaxe erabiltzeñat.
Goitik beherako hierarkia hori errespetatzen duzu edo hori erakutsi dizute ezta?
Bai bai, gaztetan geyo e! oain neure zahartzen ai naun ta ya neuke nere edade antzekuek eo etzekiñat ze ikusteittutan baño, bai bai.
Eta esango zenuke azken denbora hauetan hika-ren aurkako jarrera bat sortu dela edo dagoela?
Ba nei aurkako jarrerie etzetan iruitzen; igual geyo iruitze zatan jendiak eztakila ta ezintasunatikan eztula erabiltzen. Ta hika ta euskalkiyen ta aurka eztin inber, jakinberdin bakoitze ze egoeratan erabili ta horren arabera usteñat izenberdula.
Bale ba eskerrik asko!!

Honekin bukatzeko, hausnarketa bat egin nahiko nuke gai honen inguruan. Egia da, gaur egun gero eta gutxiago dela hitanoa erabiltzen dutenen kopurua. Baina zergaitik? Seguruenik gutako askok ezaguna izango dugun arren, beste batzuentzat erabat arrotza da erabilera hau. Beraz, elkarrizketan aipatu ahal izan den bezala, ezjakintasunari lotu geniezaioke.

Oso nabarmena da beste alde batetik, mutilek euren artean, erabiltzen dutela hika baina neskei zuzentzean, zuka dutela forma erabiliena. Egia esan, sarritan neskok ere nahiago izaten dugu zukaz egin diezaguten, izan ere bestela, askotan forma okerra erabiltzera jotzen dute; hau da, mutilekin hitz egiteko erabiltzen duten berbera.

Beste puntu bat, hierarkiarena da. Hika hitz egitea errespetu faltatzat hartzen dutenak erratuta daudelakoan nago. Bai, neurtu beharra dago norekin erabil daitekeen eta norekin ez, baina zergaitik bete behar da goitik beherako arau hori nahitaez? Zergaitik ezin diot nire amari hain goxoa eta gertukoa iruditen zaidan hikaz hitz egin? Nire ustetan erlazio estua dagoenaren zeinua da hori eta ez errespetu faltarena.

Emaizkiozue pare bat buelta gai honi zuen buruetan eta iritzi desberdinak eta iruzkin desberdinak egitera bultatzen zaituztet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Copyright © 2014-2018 Sustraiei Eutsiz Zerua Ikutuz All rights reserved.
This site is using the Desk Mess Mirrored theme, v2.5, from BuyNowShop.com.